sábado, 6 de febrero de 2010

Hutsik

“Eskuliburuen orbainetan loretxo urdinak asmatzen nituen txikia nintzela.” Esan du Luisen belarrian, ohean biluzik daudela. Eta hutsik geratu da Erika. Bederatzi hitzetan eman du bere azken sekretua, sekretua ez dena.Izan ere, sekreturik gordinenak ez dira sekretu kontatzen diren arte.

Eta hor dago Erika, biluzik, hutsik. Bere buruaren azken printza sabaian egin du habia, enara baten antzera. Eta Luis, saibaira begira, haren sekretuaren, sekretu ez denaren, jaun ta jabe, epaile.

Hutsik geratzea orri zuria izatearen antzekoa da. Bat batean eta korrika betetzeko antsia goxoa dauka bizitzaren maitalea. Eta nor da ba Erika baino bizitzaren maitale hobea? Koloreak nahi ditu orain berak, bere maitasuna Luisen eskutatik askatzea eta, margo gorria bezala, sorutik bota, kaletik bota, airerantz bota. Eta airetik…airetik ibaiak bizirik dauden hiritarantz zuzenduko du haren arimaren lema Erikak. Haien ur urdin-berdexketan bainatzeko asmoa dauka, berriro burua betetzearren urez, amodioz eta loretxo urdinez. Forget-me-nots. Nomeolvides.

Luis ez dago jada sabaira begira. Erikaren begiak bildu ditu haren ariman eta uso bihurtu dira.

“Inor begira ez zegoenean euriaren dantza egiten nuen nire etxeko atarian, euriak lakua eratzearren eta lakuak nire paperezko txalupak piraten irletaraino eraman zetzan.”

Erikak muxu eman dio Luisi belarrian. Hutsa ez da jada hutsa eta maitasunaren margo gorriz lore bat margotu du Luisen bularrean.

No hay comentarios: